Berria
Loreka Haur-Eskola: Kaixo Donna, hezkuntza alorrean geroz eta gehiago entzuten da haurrak emozioetan hezi beharraz. Baina zuk proposatzen duzun formazioa helduei begirakoa da gehiago, ez al da hala?
Donna Apellaniz: Bai, halaxe da. Adimen Emozionala haurrei lotuta ikusten hasi nintzenean, pentsatu nuen: Zoragarria da! Haurrak dira etorkizuna, eta beraz, txikitatik Adimen Emozionalean oinarritutako heziketa jaso badute, helduak direnean euren emozioak ezagutu, kudeatu eta euren burua ezagutzeko baliabide nahikoak izango dituzten pertsonak izango dira, eta ezagutza hori besteei transmititzeko gai izango dira. Eta berehala beste galdera bat etorri zitzaidan burura: nor arduratuko da haur hauek emozioetan adimentsuak izan daitezen? Bada haurrok heziko ditugunok (guraso, irakasle, aiton-amonak, haur-zaintzaileak, begiraleak, etab.) izan beharko dugu aurrez emozioetan adimentsuak, gero gure haurrak adimen emozionalean hezi nahi baditugu; izan ere, bestela, guk geuk barneratu ez duguna transmititzen eta “irakasten” ariko baikara eta ezinezkoa izango baita haurrak modu honetan hezitzea. Nire ustez Adimen Emozionalean hezitzeak zeharkakoa izan behar du, eta modurik onena gure izaeratik abiatuta egitea da.
Loreka.H-E: Zergatik da heziketarako hain garrantzitsua gurasook gure emozioak ezagutzea?
D.A.: Emozioek gure egunerokoaren eta biziaren zati handi bat hartzen dute, oro har konturatzen ez bagara ere. Gure emozioak izaten dira gehienetan zerbait egin edo ez egitera bultzatzen gaituztenak; eta, oharkabean, emozioen nahien arabera hartzen ditugu erabakiak (nik esaten dudan moduan, emozioek eramaten gaituzte arrastan), emozioen nahiak gure nahien berdinak izan gabe ere. Guraso bat (edo hezitzaile bat) sentitzen duenaz jabetzen hasten bada, lehenik hobeto ezagutuko du bere burua, eta bigarrenik, bere beharrak haurren beharretatik banatzen hasiko da. Horrela, haurrarekiko kontzientzia Ehandiagoz hezitzen hasiko da, eta, gainera, heziketa-eredu perfektua izango da.
Loreka.H-E.: Zer esan nahi duzu “heziketarako eredugarri izan” aipatzen duzunean?
D.A.: Jaiotzen garen unetik hiltzen garen arte inguruan ditugun pertsona guztiek hezitzen gaituzte, eta alderantziz, gure ingurukoen heziketan guk ere parte hartzen dugu. Hazten gaituzten, maite gaituzten eta zaintzen gaituzten pertsonak, nahi gabe bada ere, gure erreferenteetan bilakatzen dira, euren izaeratik ikasten dugu, egiten dutenetik; baina bereziki nola jokatzen duten barneratzen dugu. Gure eta inguratzen gaituztenen ongizateari begira, sentitzen duguna ezagutu eta kudeatzeko gai izan nahian Adimen Emozionalean barneratu bagara, horixe izango da hain zuzen ere besteei transmitituko dieguna, eta guk erakutsitakoak bihotzeraino errotuko zaizkie beste pertsona horiei.
Loreka.H-E.: ¿Zer-nolakoa izango da ekainaren 3an Loreka Haur-Eskolan zuzenduko duzun tailerra?
D.A.: Goian aipatu dudan guztiari sarreratxoa egingo diogu tailerrean. Gure emozioen kontzientzia hartzera bideratuko da, emozioak kudeatzeko tresnak garatzera, eta hori guztia barneratzera, gure haurrentzako heziketa-ereduan bilakatu nahi badugu.